Martutene
Saizarbitoria
guztiak daude Martutenen: dorpezia
afektiboak zerrendatu eta emakumezkoen barne gogo ustez zundaezinean arrakastaz
murgiltzeko gai dena; euskal gatazka deritzon hori denboran aurrera eta atzera,
ezker eskuin eta alderik alde haztatzen dakiena; nazionalismoaz arduratzen dena (“Abaituari ez
dio onik egiten euskal nazionalista ez direlako beren buruak, bestelako meritu
barik, kosmopolita eta ilustratutzat dituztenak”)... Saizarbitoria guztiak daude Martutenen, saiogilea eta nobelista, eta
baita bere obraren autoexegesia egiten duena ere, sotilki eta hirugarrenen
bidez, inork ausarkeria eta neke hori hartzerik nahi ez balu bezala. Max
Frisch-en lana laudatzeko hitzik gehienek balio dute harentzat ere: “La
historia de la literatura cometería un grave error si no le viera como un
pensador”.
Saizarbitoria
guztiak daude Martutenen, gizarte
ereduak leherrarazi eta mundua aldatzera deitutako belaunaldi batekoa izaki “in
my time” esaten duen idazlearena,
Prousten erruz ia idazteari utzi zion Virginia Woolfekin sinpatizatzen
duena, Semmelweis idatzi zuen Céline
klinikoa eta obsesiboa akordura ekartzen diguna, xehetasunen errepikapenak
maite dituena, txapelei buruzko saiakera literarioa txertatzen diguna
narrazioan digresioarekiko gustu handiz (txapela urdinari buruz dendariak: “es
menos txapela”). Auzo-erruz eta bere-minez trostan dabil. Isiltasun mota
ezberdinak bereizten ditu (“Ahots hipokritak, isilik iraun zutela nabari ez
dadin dirautenak isilik”). Idazle arruntek susmo eta intuizio esplikagaitzen
uhin-frekuentzian baino atzeman ezin dituzten giza miserien neurri eta
hedapenak hautematen ditu (“Duda hobeto kontsideratua zegoen lehen. Neska
gazteei beti kolokan zeuden mutilak gustatzen zitzaizkien”; “Tentagarria da
medikuarentzat naturaren erabakiak lorpen profesional bezala beretzea”).
Saizarbitoria guztiak daude Martutenen,
halako moldez non nekez sentituko baita irakurlea eroso (“Askok ez bazuten
inoiz pistola bat eskuan hartu ez zen izan indarkeriaren aurkako militante
konbentzituak zirelako edo moral aldetiko eragozpenak zituztelako, baina bai ez
zeukatelako bizia arriskuan jartzeko aski adorerik”).
Saizarbitoria
guztiak daude Martutenen, baina, oroz
gain, sintzeridadez –Montaignek “fede on” esaten zion
hura– eta sinesgabetasunez munduari begiratzen diona, jakinki sintzeridade
horrek zoko ilunak argitu eta zoko argiak iluntzera eramango duela ezinbestean,
noiz ironiaz, noiz etsipenez. Hor dago Saizarbitoria hori, idatzi egin behar
duena pentsatzeko, idazteko desiraren funtsean bere hutsune amnesikoa bete
beharra dagoela dakiena. Saizarbitoria voyeur-a
eta écouteur-a, ate itxi baten
atzetik entzundako orgasmoa paragrafo batera ekartzen inork baino hobeto
dakiena. Simone de Beauvoir eta Sartrerekiko bere afektuak aldatzen doazena
haien elkar umiliatzeko gaitasunaren berri izan ahala. Sexuaren pultsioaz
bezala, mundura jaiotzeaz, zahartzaroaz eta eutanasiaz diharduena.
Arreta
eta dedikazioa eskatzen ditu Martutenek,
egia. Lan luzea da, Saizarbitoria guztiak dituelako barruan, eta hala ere, hain
obra mamitsua mugitzeko behar den zentrifugazio ahalmenari eusten dio,
irakurleari kolpe eta laztan, desolazio eta nostalgia, ezintasun eta bizinahi
printzak txandaka emanez.
Saizarbitoriaren
pertsonaia asko zehatzak eta perfekziozaleak dira, berdin mediku edo idazle
–Baroja gogoan “medikuntza utzi eta mundu hobeago baten bila letretara jo izan
duten sendagileen zerrenda” horretakoak balira bezala–.
Hor
dago beste Saizarbitoria hori ere: euskal izaera sotilki adierazten duten
xehetasun eta pasadizoen emalea, euskaldunon ustezko bihotz-idorkeria
neurritasun dotorea ote den galdetzen duena,
hiriburuen arteko lehia zentzugabeari heltzen diona (“donostiarren eta
bilbotarren arteko ezinikusia Bilbon baino nabarmenagoa dela Donostian”).
Halakoa ei da “euskalduna”: apaingarri alferrikakoak trabagarri zaizkiona, gela
bat uzten zaionean, nahiz eta erabili ez, ohea deseginda uzten duena, ez
dezaten esan esker txarrekoa dela... Robert Frosten The Road Not Taken poema ekartzen digu akordura euskararen balizko
abantailez mintzo denean: euskarak
“poetarentzat bereziki «gurbidide bakan ibiliaren» ahalerak” dauzkalakoan.
Euskara hizkuntza bat baino gehiago da, itxaropen bat, Bretxako merkatuan “baserritarrengandik
tratu hobea” lortzeko esperantza xaloa. “Solaserako euskara erabiltzeak
solaskideen arteko atxikimendu konpartitu baten existentzia agerian jartzen”
duela baiesten du, “elkarrekin hitz egiten ez duten bi herritar atzerrian
aurkitzen direnean bezala”. Zailtasuna ere bada hizkuntza, Beckett eta Conrad
ekartzen ditu gogora, haien hautu borondatezko bezain behartua. Baina euskaraz
bakarrik ez, beste hizkuntzez ere arduratzen da (“...con unas patatitas, ajitos
y cebollitas tiernas. Odolak irakiten jartzen dizkio Abaituari sukaldariek eta
zerbitzariek hartu duten txikigarriak erabiltzeko kasketa horrek”).
Saizarbitoriaren
pertsonaiak hemen bizi dira, baina hara nahi lukete: badago arnas premia
bat, ihes nahi bat, paisaje arrotzak etxean txertatu nahi bat, mundu arruntaren
–eta literatura arruntaren– kideko izateko desio asegabe bat (“[Donostiako] Geltokia
handiagoa izatea, Austerlitz edo Victoria Station bezala, eta jende masa handi
baten artean galdua ibili nahi luke, baina dagoena dago. Ez hogeiren bat
pertsona atartean, eta kioskoa itxita”). Badaki horrekin guztiarekin gozatzen
eta umorea egiten, ordea (“Kubatarren sentsualitatea errunbaren erritmoan ez
dela deus pil-pil bat egiteko kazola leunki astintzen duen emakume euskaldun baten
mugimenduarekin parekatuz”).
Hau
guztiau, azken orrialdeetan abaila hartu eta Julio Medemik inspiratuenak ere
patuaz diharduenean lortuko ez lukeen amaiera batekin josia.
Harkaitz
Cano (2012-09-14)
Irakurri barik neukan. Martuteneri buruzko saiakera txikia eta zorrotza Harkaitzena. Itzel.
ResponderEliminar