24 may 2011

ALVARO RABELLIK (Socio 85. Bazkideak) Michèle Manasséri eskainitako ipuin ineditoa/ Cuento inédito para Michèle Manassé.


Michèle Manassé

Parisetik datorren trena Hendaiako geltokian sartu da balazta erdoilduen zarataz. Nasetan olio zaharraren usaina antzematen da, sarkor. Michelek bidaia hau birritan egin badu ere, berriro harritu da Donostiara eramango duen tren txikia bezain zahartua hartu duenean. Bidasoaz bestaldera igarotzean, Iparraldeko argia eta garbitasuna braustean desagertu dira lantegi zikin eta txiro itxurako herri laberinto bati bidea emateko. Badaezpada ere, trenaren leihatilatik bota du Parisetik irakurtzen etorri den liburua, autore euskaldun ezezagun baten Egunero hasten delako izenekoa, alderdi jeltzalearen informazio zerbitzuek, agente frankisteen laguntzaz, helerazi ziotena. Ez du alferreko susmorik piztu nahi, Alfredo inspektorearen gizonek muga zeharkatu duela jakin izan duten arren.   Tishriko hamargarren eguna igaro da eta Donostian, Judeako Nagev basamortuan bezala, udazkenari negar lanbroa dario. Baina, atzoko Yom Kipur egunari Egipto eta Siriako gerra hegazkinen lehergailuak gehitu zitzaizkion, ustekabean gehitu ere. Aurrekoan bezala, honetan ere Vitoria kaleko Saizar sagardotegian egin du hitzordua. Alfredo inspektorea bera dauka zain, eta ondoko mahai batean alderdi jeltzalearen informazio zerbitzuko morroi bi izan daitezkeenak, espioitza lanetan baldar. Kunplimenduzko hitzik gabe, inspektoreak zakar samar galdetu dio neska beltzaranari.


- Bat, gure presidenteak jakin nahi du Israelgo gobernuak errepresaliarik hartuko duen Estatu Batuetako armadari Espainiako base militarrak erabiltzen ez uzteagatik; eta bi, Argala non ezkutatzen den jakin nahi genuke, bera izan daitekeelako ETAko buruzagitzan Txikiari lekua hartu diona.

Txikia, neskaren belarrietan izen horren oihartzunak eztanda egin du. Oraindik gogoan du udaberri aldean Algortan gertatukoa. Mossadentzat halako asko egin baditu ere, oraindik ere erraiak errebesten zaizkio. Alderdi jeltzalearen informazio zerbitzua izan zen Peixotorekin harremanetan jarri zuena. Parisetik zetorren neska xarmangarri hark, Euskal Herriaren askapen borrokarekin sutsu bat egiten zuenak, berehala liluratu zuen ekintzaile saiatua. Maitaleak izan ziren aldikada batez. Denbora kontua baino ez zen Peixotok Txikiaren pista agerian uztea. Horrela gertatu zenean, Alfredo inspektorearen gizonek ez zuten hutsik egin, zauritu ondoren atxilotu eta ospitalerako bidean anbulantzian bertan akabatu zuten.

Orain beste tren batek eraman du Michel Madrilera, bertan ere euria egiten du eta giro hotza da. Dodge ofizial batek utzi du Jesuiten elizako goizeko meza. Presidentziarako bidea hartu du inolako eskoltarik gabe. Bat-batean, kale erdian izandako leherketa batek bidali du autoa etxarte batera teilatuaren gainetik. Handik ez oso urrun, kale triste bateko kafetxe batean, Michele Manassék Argalari emandako musuaren oihartzunak estali du une batez polizia eta anbulatzien sirenotsen ulua.

Alvaro Rabelli   

ALVARO RABELLI. (Socio 85. Bazkidea).
Narratzailea. Autor de relatos cortos.



No hay comentarios:

Publicar un comentario